Elorrio, 2024ko otsailaren 21a.– EROSKIren frankizia erako supermerkatuen sarean %10,6 igo dira salmentak 2023an. Guztira 14 milioi euroko inbertsioa eginda, EROSKIk 65 frankizia inauguratu ditu 2023an, eta, horrekin, 360 lanpostu sorrarazi ditu. Hedapen horren bitartez eta denda propioen sarea eraldatuz, bultzada indartsua hartu du EROSKIren Zurekin eredu komertzialak, belaunaldi berriko dendak ezaugarritzen dituenak. Autonomia erkidego […]
Elorrio, 2024ko otsailaren 21a.– EROSKIren frankizia erako supermerkatuen sarean %10,6 igo dira salmentak 2023an.
Guztira 14 milioi euroko inbertsioa eginda, EROSKIk 65 frankizia inauguratu
ditu 2023an, eta, horrekin, 360 lanpostu sorrarazi ditu.
Hedapen horren bitartez eta denda propioen sarea eraldatuz, bultzada
indartsua hartu du EROSKIren Zurekin eredu komertzialak, belaunaldi berriko
dendak ezaugarritzen dituenak. Autonomia erkidego hauetan egin ditu
kooperatibak irekiera gehienak: Katalunia (27), Andaluzia (10), Balearrak (5)
eta EAE, Gaztela eta Leon eta Gaztela-Mantxa (4). Horien atzetik doaz Aragoi
(3) eta Extremadura, Galizia, Valentzia eta Madril (2).
EROSKIk aurreko urteetako frankizien irekiera erritmoari eutsi dio. Gauzak
horrela, 307 inaugurazio baino gehiago egin ditu joan deneko bost urtean, eta
urtea 628 supermerkatu frankiziatu baino gehiagorekin bukatu du. Hala,
jarraitzen du frankizien sarea hedatzen, fokua lurralde hauetan ipinia duelarik
datozen urteetarako: Katalunia, EAE, Andaluzia, Madril, Gaztela-Mantxa,
Extremadura eta Levante. 2024ko ekitaldian, EROSKIren asmoa da 57 frankizia
inauguratzea.
“Pozik gaude EROSKIren frankizia sareak izan duen eboluzioarekin.
Helbururik garrantzitsuenak bete ditugu bai salmenten hazkundearen aldetik, bai
errentagarritasun aldetik eta bai denda berrien irekiera kopuruaren aldetik.
Gauzak horrela, baikorrak gara aurtengo urteari begira, eta jarraitu behar dugu
apustu egiten frankiziei lagun egitearen alde“, azpimarratu du
EROSKIko Frankizien zuzendariak, Alberto Cañasek.
Formatu komertzialak
EROSKIren frankiziak Zurekin eredu komertzialekoak dira, eta EROSKIren
denda propioen ezaugarri, aurreramendu eta abantaila guztiak dituzte: tokiko
eta eskualdeko produktuen aldeko apustua, elikadura osasungarriaren sustapena,
bezeroen aurrezpenean laguntzea eta gizarte erantzukizunarekin eta
iraunkortasunarekin daukaten konpromisoa elkartasun ekimenen eta ingurumen
inpaktua gutxitzearen bitartez.
Supermerkatuen gaur egungo sareak formatu komertzial desberdinak ditu;
besteak beste, nabarmentzekoak dira EROSKI City izenekoak, 250-400 metro koadro
dituzten hurbileko supermerkatuak, elikagai eta freskoen sorta zabala dutenak.
Formaturik berritzaileena Rapid erako saltokia da, ultra hurbileko eta
komenentziako formatu bat, 150 metro koadrokoa, edozein kokapenetara egokitzen
dena —hiriak, gasolindegiak, unibertsitatea, zona turistikoak, hondartza…—,
non posible baita erosketa eroso, laster eta oso bat egitea.
Frankizia hartzaileen konfiantza
EROSKIk irmo egiten du merkatuari gaur egun lehenesten den frankizia eredu
bat ematearen alde. “Kooperatiba oinarria duen enpresa gara, langileena eta
kontsumitzaileena, eta geure-geureak diren balioak ditugu. Horregatik, ulertu
egiten ditugu gure frankiziatuen beharrak. Azken gogobetetze inkestaren
arabera, 2023. urtean egindakoa bera, %96,49k balorazio positiboa egiten
digute”, nabarmenudu du EROSKIren Frankizia arloko zuzendariak.
2023ko frankizia hartzaileen %52k jada badute beste denda bat EROSKIrekin erregimen horretan. “Are gehiago, gaur egun, gure frankizia sarearen %46 denda bat baino gehiago dituztenenak dira. Horrek erakusten du enpresariek sendotasuna eta konfiantza dutela gure frankizia ereduan. Eredu honetan, 45 urtetik gorako eskarmentua dugu, eta etengabe joan gara optimizatzen; gainera, gaur egun kokapen askotarako egokituta dago, hala nola hiriguneak, gasolindegiak eta unibertsitateak. Gure frankizia hartzaileek gure dendetan inbertitzen jarraitu izanak erakusten du pozik direla ereduarekin, eta negozioaren arrakastarekin“, azpimarratu du Alberto Cañasek.
Frankiziarik onenaren aitortza
Horretaz gainera, Frankiziarik Onenaren saria
jaso zuen Supermerkatu Frankizien kategorian 2023-2024ko Urteko Merkataritza
sarietan. Kontsumitzaileen sariketa hori Espainiako
handiena da, eta retail-aren
sektoreko merkatu azterketarik handienetako bat. Kontsumitzaileek hautatzen
dituzte sarituak.
Lankidetza hitzarmenak
Kooperatibak lehengo lankidetza hitzarmenari eusten dio Enpresaburu Gazteen
Elkarteen Espainiako Konfederazioarekin (CEAJE), enpresari gazteen eta
autonomoen ekintzailetza lagundu eta sustatzeko. Ekintzailetzarekin duen
konpromisoa indartu ez ezik, EROSKIk autonomia erkidegoetako ekonomia garatzen
lagundu nahi du.
EROSKIk jarraitu egiten du desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu eredua
hedatzen; 2015ean ekin zion bide horri. Gaur egun, jada horrelako bederatzi denda
ditu, eta horietatik lau GUREAK taldearekin batera, Euskal Herrian, bi Gaztela
eta Leonen SOLTRArekin batera eta beste hiru Katalunian AMPANSen eskutik. Iaz
bi denda ireki ziren Vegalsan SOLTRArekin eta Caprabon AMPANSekin.